Informatika arloko profesionalen eta zaleen bilkurak 5.024 ordenagailu-postu eskaini eta 8.000 parte-hartzaile bilduko ditu, ohi baino mila lagun gehiago
25. urteurrenak berrikuntzak, sorpresak, opariak eta zozketak izango ditu parte-hartzaile eta bisitarientzat. Azken horiek Opengune eremu irekira sartzeko aukera izango dute eta, bertan, eskaintza zabala edukiko dute: doako hitzaldi eta tailerrak, standak, 3Dtan inprimatzeko makinak, errealitate birtualeko gunea edo irudiak 360ºtan proiektatzen dituen zinema esferikoa, besteak beste
Umeek gidatutako auto elektrikoen lasterketak izango dira aurtengo berrikuntzetako bat. Makinak gidatzeaz gain, ikasleek taldean lan egingo dute kotxeak diseinatu eta eraikitzeko, irakasleekin eta partyaren parte-hartzaileekin batera
Euskal Encounter topaketa espainiar Estatuko informatika eta bideo-joko zaleen bilkura handi eta zaharrena da, eta aurtengoan 5.000 ordenagailu-postutik gora ezarriko ditu zilarrezko ezteiak ospatzeko. 25. urteurrenean, Euskaltel Konekta Fundazioak antolaturiko partyak 5.024 eserleku eskainiko ditu guztira, iaz baino 416 postu gehiago. Lehenengo 4.000 eserlekuak 5,8 segundotan agortzean, gainontzekoak eskuz esleitu dira. Honela, topaketan egon nahi izan duen jende kopuru handiari esker, historiako Euskal Encounter handiena izango da aurtengoa, 8.000 parte-hartzaile baino gehiagorekin eta milaka bisitarirekin.
Uztailaren 22 eta 25 artean Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren egingo den ordenagailu-festak elkarren artean konektatutako ordenagailu-sare erraldoia izango du eta konexio-abiadura segundoko 40 giga simetrikokoa izango da (datuen igoerarako 40 giga eta jaitsierarako beste 40). Lau egunetan zehar, etenik gabeko jarduera izango da, software librea, hardwarea, sormen digitala eta bideojokoak ardatz dituzten dozenaka ekintza eta lehiaketarekin. Ekintza horiek burutzeko, etxeetako konexio-abiadura nabarmen gaindituko dute parte-hartzaileek Euskaltelen teknologiari esker, eta antzeko topaketek eskaintzen duten abiadura ere soberan gaindituko da. Zentzu honetan, Euskal Encounter munduko informatika-topaketa azkarrenetarikoa dela esan daiteke.
Euskaltelek antolatutako eta Eusko Jaurlaritzak SPRIren bitartez babestutako partyaren osasun ona ospatzeko, antolatzaileek berrikuntzak, sorpresak, opariak eta zozketak iragarri dituzte. Eserleku finkoa duten parte-hartzaileak barne hartuko dituen ordenagailuen guneaz gain, publikoari irekia eta doakoa den Opengune eremuak milaka bisitari hartuko ditu eta jarduera ugari burutuko dira bertan: dozenaka hitzaldi eta prestakuntza-saio, produktu informatikoak eskuratzeko eta azken berrikuntzak ezagutzeko standak, eta robotikako, errealitate birtualeko eta 3Dko inprimagailuen guneak. Bisitariek euren 3D diseinuak inprimatu ahal izango dituzte, errealitate birtualeko azken demoak probatu edo irudiak 360ºtan proiektatzen dituen zinema esferiko batekin disfrutatu. Gainera, Euskal Encounter barrutik ezagutu eta parte-hartzaileei erreserbatutako lehiaketetan parte hartu nahi dutenek, topaketan bertan salgai jarriko diren eguneko sarrerak eskuratu ahal izango dituzte.
Kotxeen diseinua, eraikuntza eta lasterketak
Hogeita bosgarren urte honetan izango diren berrikuntzetako bat da Kid’s Kit-Car Greenpower elkarteak antolatutako auto lasterketa. Jardueraren helburua da partyan zehar hamar kotxe elektriko diseinatu, eraiki eta gidatzea. Hamar taldetan banatutako ehun bat parte-hartzaile lantaldean arituko dira erresistentzia lasterketa batean lehiatuko diren auto pertsonalizatuak eraikitzen. Lasterketa mota horren xedea izango da energia kopuru berarekin bira kopuru handiena ematea, eta hori lortzeko autoen kontsumoa optimizatu beharko dute taldeek.
Irakasleen eta Euskal Encounterreko parte-hartzaileen laguntza jasoko badute ere diseinu eta eraikuntza faseetan, umeak eta gaztetxoak izango dira jarduera berri honen protagonistak, eurek gidatuko baitituzte taldean eraikitako autoak. Izan ere, ariketa honen bitartez, antolatzaileen helburu nagusia 7 eta 26 urte bitarteko ume eta gazteen STEAM gaitasunak garatzea da –zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak-, ingelesaren ezagutza eta erabilera sustatzearekin batera.