Euskal Encounter "ahaztezina" osatzen ari dira zilarrezko ezteiak ospatzeko

Euskaltel Konekta fundazioaren arduraduna eta euskal partyaren antolatzailea den Sabino San Vicentek publikoari zuzendutako jarduera-eskaintza zabala azpimarratu du: errealitate birtualeko zona, 3D inprimagailuak, zinema esferikoa, standak, hitzaldiak eta tailerrak


Uztailaren 22 eta 25 artean gauzatuko den informatika eta teknologia berrien topaketan 5.024 ordenagailu-postu egongo dira, eta 8.000 parte-hartzaile baino gehiago


Euskalteleko Harreman Instituzionalen zuzendari eta Euskaltel Konekta fundazioaren buru Nerea Lupardok azpimarratu duenez, bilkura hau "gure gaitasun teknologikoen erakusleiho onena" bilakatu da. "Lehenengo urteetan segundoko 64 Kb-eko konexio-abiadura genuen, eta egun, berriz, segundoko 40 Gb simetrikora iritsi gara"


SPRIko Teknologia eta Berrikuntza arloko zuzendari Aitor Cobaneraren ustez, "natibo digitalen kontzentrazio" hau egokia da "proiektu eta enpresa-ekimen berriak sortzeko"

 

Informatikaren eta teknologia berrien arloetako profesional eta zaleen bilkura erraldoi hau Estatuko handiena eta beteranoena da. Aurten, gainera, hirugarren pabiloi bat hartu dute, eta beste bi jarduera-arlo barneratuko dituzte programan: batetik, droneen zirkuitua egongo da, eta gailu horiek fabrikatzen eta erabiltzen ikasteko saioak eskainiko dituzte, baita lasterketak ere; eta auto elektrikoen gunean, berriz, parte-hartzaile gazteek elektronikari, informatikari eta aerodinamikari buruzko ezagutzak eskuratuko dituzte euren kotxeak fabrikatuz.

Gaur goizean egindako prentsaurrekoan, Euskalteleko Harreman Instituzionalen zuzendari eta Euskaltel Konekta fundazioko buru Nerea Lupardok azpimarratu duenez, bilkura hau "Euskaltelen gaitasun teknologikoen erakusleiho onena" bilakatu da. Aditzera eman duenez, azken 25 urteotan hobekuntza handiak izan dira: esaterako, lehenengo urtean, Urretxun, "segundoko 64 Kb-eko konexio-abiadura genuen, eta egun, berriz, segundoko 40 Gb simetrikora iritsi gara". Gainera, agerikoa da partaidetzak izugarri egin duela gora: gipuzkoar udalerriko frontoian egindako lehen bilkuran 36 zalek hartu zuten parte, euren Commodore Amiga ordenagailuekin, eta datorren uztailaren 22 eta 25 artean garatuko den topaketan, aldiz, 8.000 parte-hartzaile izango dira.

Bestalde, SPRIko Teknologia eta Berrikuntza arloko zuzendari Aitor Cobanerak antolatzaileak zoriondu ditu, munduko party azkarrenetarikoa eta Europan erreferentziazkoa dena sortzeagatik. Era berean, aipatu du "natibo digitalen kontzentrazio" hau aproposa dela "proiektu eta enpresa-ekimen berriak" agertzeko. Horrez gain, SPRIk industria eta teknologia arloetako ekintzaileentzat dituen laguntzak interesa duten partaideen artean ezagutaraziko dituela jakinarazi du Cobanerak.

Euskaltel Konekta fundazioko arduradun eta Euskal Encounterren antolatzaile Sabino San Vicentek gogorarazi du partyak beti funtzionatu izan duela "proiektuen hazitegi" gisa, hasieratik sustatu baitu parte-hartzaileen arteko ezagutza-trukea eta negozio ekimen berrien garapena. Horren oinarrian dago partaideen elkarlanerako grina eta osagarriak diren jakintza-arloetako adituen arteko elkartrukea: besteak beste, software librean, sormen digitalean, hardware-an eta bideo-jokoetan eskarmentu handia duten lagunak elkartzen dira BECen.

Publikoarentzat erakargarritasun anitz

Aurtengo bisitariek inoiz baino ekintza gehiago izango dituzte aukeran Opengunean, publikoari irekitako doako zonan. Errealitate birtualeko azken aurrerapenak ezagutu ahal izango dituzte, baita irudiak 360ºtan proiektatzen dituen zinema esferiko batean murgiltzeko esperientziaz gozatu. Horrez gain, euren diseinuak 3D inprimagailuetan inprimatu ahal izango dituzte, eta bideo-jokoen txapelketa amateurretan parte hartu. Azken belaunaldiko produktu teknologikoen salmenta eta informazio standak ere egongo dira.

Baina aurreikusitako jardueren artean formakuntza izan da, dudarik gabe, plater nagusietarikoa. Euskal Encounterren ezaugarri den ezagutzak partekatzeko bokazio hori indartu egingo dute aurten 38 hitzaldi eta tailerrekin, gai anitzen inguruan: segurtasun informatikoa, robotika, programazioa, web garapena, sormen digitala eta marketina, besteak beste.

Euskaltelen eta Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez) babesarekin bilkura hau antolatzeaz arduratzen den Euskaltel Konekta fundazioko ordezkariek boluntarioen lana txalotu dute. Izan ere, euren ardura da partyko jarduerak eta lehiaketak koordinatzea. Horrela egin dute, irabazi-asmorik gabe, lehenengo urtetik, eta lan horri esker izan da posible Euskal Encounterren garapena. Urretxun hasi eta Legazpitik, Donostiatik, Bilbotik, Gasteiztik eta Barakaldotik pasa den egitasmo honen arrakasta gero eta nabarmenagoa da eragile guztien elkarlanari esker.

Antolatzailea

Euskaltel Konekta

Kudeatzailea:

Euskalamiga Elkartea

Ahotsa:

943-533696 (9:00-13:30 y 15:30-19:30 CET, astelehenetik ostegunera y 9:00-13:30 ostiraletan)

Faxa:

943-533697

IRC auzo ofizialak:

IRC-Hispano
#euskal
QuakeNet
#euskal

Edozein galdererako:

olatz@euskalencounter.org

Prentsa arduraduna:

Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 609 12 16 66
E-mail: press@euskalencounter.org

 

Lokalizazioa

twitter facebook flickr youtube instagram twitch