Abian da Euskal Encounter; gigak, teknologia eta prestakuntza bateratzen dituen festa handia

Zuzeneko musika, ikuskizunak eta opariak eskaini dituen izugarrizko festarekin eman zaio gaur hasiera Euskal Encounter 25 topaketa erraldoiari. Informatikaren eta teknologia berrien zale eta profesionalek lau egunez gozatu ahal izango dute Estatuko ordenagailu-bilkura handienak, azkarrenak eta beteranoenak eskainiko duen egitarau zabalaz.

Ekitaldiaren hasieran, informatika-festaren 24 urteotako ibilbidea gogoratu dute bideo batekin, baita Euskal Encounterri babesa eman dioten erakunde guztiei eskerrak eman ere. Urretxuko frontoi batean jaio zen ekimen xume hartan, 1994an, 36 parte-hartzaile eta 25 ordenagailu zeuden; aurten, berriz, 5.024 pantaila eta 8.000 lagun elkartu dira 50.600 metro koadroko gunean. Parte-hartzaileek segundoko 40 giga simetrikoko abiadura dute sarean ibiltzeko, eta dozenaka jarduera ikasteko eta ondo pasatzeko.

Hala ere, festaren hasierako momentu ikusgarriena iristear zegoen, 25 saxofoi-jotzailek eta 'The lord of the rings' filmeko Gandalf magoaz mozorrotutako 25 pertsonek eszenatokia hartu dutenean. Musikaren erritmoan, milaka parte-hartzaile dantzan hasi dira aulkiak buru gainean zituztela. Festaren amaiera Lory Money abeslariak borobildu du zuzeneko emanaldiarekin.


Profil berritzailea


Estíbaliz Hernáez Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuordeak adierazi du Euskal Encounterreko parte-hartzaileak guztiz bat datozela 4.0 industriak behar dituen profil profesionalekin, euren gaikuntza teknologikoa nahiz "lanean erakusten duten pasioa" dela eta. Modu horretan, informatika-bilkuran "enpresek talentu hazitegia" topa dezaketela gehitu du sailburuordeak.

Bestalde, Euskalteleko eta Euskaltel Konekta fundazioko presidente Alberto García Erauzkinek gogoratu du telekomunikazio enpresak hasieratik egin zuela Euskal Encounterren aldeko apustua. Hori dela eta, Erauzkinek ospatu egin du hogeita bosgarren urteurrenera hain indartsu iritsi izana, eta txalotu egin du partyaren koordinazioaz arduratzen diren 60 boluntarioen lana, haien dedikazioa ezinbestekoa izan baita Europa mailan erreferentziazkoa den ekimena gauzatzeko.

Gaurtik eta asteartera arte, parte-hartzaileek dozenaka jarduera eta lehiaketatan parte hartuko dute, software libre, hardware, arte digital eta bideo-jokoen arloetan, beste batzuen artean. Euskaltelen teknologiari esker, konexio-abiadura etxeetan eta beste party informatikoetan baino askoz handiagoa izango da. Bilkura hau, beraz, munduko azkarrenen artean dago.

Era berean, publikoari irekia dagoen doako zona, Opengunea, inoiz baino erakargarritasun gehiagorekin dator. Aurten dozenaka jarduera hezigarri egongo dira, baita produktu informatikoak eskuratzeko standak eta robotikako, errealitate birtualeko eta 3D inprimaketako guneak ere. Halaber, nobedade bezala, nabarmentzekoa da Kid's Kit-Car Greenpower elkarteak antolatutako jarduera. Bertan hainbat haur taldek auto elektrikoak diseinatzen, eraikitzen eta gidatzen ikasiko dute partyaren lau egunetan zehar. Droneen zirkuitua ere berritasun nagusietakoa da: 3.200 metro koadroko espazio batean jardungo dute pilotu adituek lehian eta euren jakintzak partekatzeko tailerrak eskainiko dituzte gailu hauen ezaugarri eta funtzioak ezagutu nahi dituztenentzat. 

Antolatzailea

Euskaltel Konekta

Kudeatzailea:

Euskalamiga Elkartea

Ahotsa:

943-533696 (9:00-13:30 y 15:30-19:30 CET, astelehenetik ostegunera y 9:00-13:30 ostiraletan)

Faxa:

943-533697

IRC auzo ofizialak:

IRC-Hispano
#euskal
QuakeNet
#euskal

Edozein galdererako:

olatz@euskalencounter.org

Prentsa arduraduna:

Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 609 12 16 66
E-mail: press@euskalencounter.org

 

Lokalizazioa

twitter facebook flickr youtube instagram twitch