Euskal Encounterrek formakuntzaren aldeko apustua sustatu du bere 25. urteurrenean, lau egunetan zehar burutuko diren dozenaka jarduerekin. Izan ere, aurten zabalera handiagoa hartzen du partyak, eta gehitu diren 15.000 metro koadro horietan droneen eta kotxe elektrikoen zirkuituak kokatu dira -aurtengo berrikuntza deigarrienetarikoak- baita horien inguruko prestakuntza-jarduerak ere. Horrez gain, prestakuntza-eskaintzak arlo ezberdinetako ikastaro eta tailerrak hartzen ditu: robotika, programazioa, zibersegurtasuna, online marketina eta errealitate areagotua, dozenaka jardueren artean.
Prestakuntza-aukeren artean nabarmentzekoa da sei urtetik gorako umeek auto elektrikoak eraikitzen ikasteko heziketa-proiektua. Estatuan aurkeztu berri den proiektu honek gaitasun teknikoak, lidergoa eta talde-lana uztartzen ditu, eta Bilbon egoitza duen Kid's Kitcar-Greenpower Iberia elkarteak antolatzen du. Jarduera honetan, 120 umez osatutako hamaika taldek kotxeak diseinatzen, eraikitzen eta gidatzen ikasiko dute astelehenean burutuko den auto-lasterketan lehiatzeko. Euskadi, Asturias, Madrid eta Kataluniako hainbat ikastetxek interesa azaldu dute proiektuan dagoeneko.
Britainian sortutako Greenpower ereduan oinarrituta dago proiektua, ikaskuntza-sistema horrek gero eta arrakasta gehiago baitu nazioartean. Kid's Kitcar-Greenpower Iberia elkarteak sustatuko ekimenak Bizkaiko Industria Ingeniarien Elkargoaren, Innobasquen, Ingeniaritza Proiektuen Espainiako Elkartearen eta Institution of Mechanical Engenieers erakundearen babesa du, baita hainbat enpresena ere.
Elkarteko presidente Primitivo Carranza ingeniariak jakinarazi duenez, proiektuak xede du "ekosistema berezia" sortzea, haur eta gaztetxoengan interesa pizteko zientziaren, teknologiaren, ingeniaritzaren, diseinuaren, programazioaren eta matematiken arloetan. Era berean, parte-hartzaileek "egiten ikas dezaten" nahi dute, eta haiengandik sor dadila euren proiektua aurrera ateratzeko behar duten ezagutza lortzeko interesa. Gainera, ingelesa eta giza-balioak ere ikasten dituzte; besteak beste, "taldean lan egitea, komunikazioa, kudeaketa-gaitasunak, sormena, pentsamendu kritikoa eta frustrazioarekiko tolerantzia".
Norberaren neurrirako prestakuntza
Euskaltel Konektak antolatutako eta Euskaltelek eta Eusko Jaurlaritzak (SPRIren bitartez) babestutako informatika-topaketaren eskaintza haratago doa. Camp Tecnológico enpresak, esaterako, 9 urtetik aurrerako haurrentzako tailerrak eskaintzen ditu, doan; horrela, modu dibertigarrian ikasten dute ikasleei zuzendutako Microbit mikro-konputagailua erabiltzen, edota domotikako erremintak baliatzen. Horrez gain, bideo-jokoak eta led argiak programatzen ere ikasiko dute.
Bestalde, hitzaldien gunean SPRIk antolatutako prestakuntza-saioetarako espazioa dago. Bertan, eskarmentua dutenentzako tailerrak eskaintzen ari dira, baita hasiberrientzat ere. Software libreaz, Wordpressek eskaintzen dituen aukerez, aplikazioak sortzeko jarraibideez edota smartphonekin bideoak editatzeko aukerez ikas dezake interesa duen orok.
Gustu guztietarako gaiak lantzen ari dira egunotan: argazkilaritza, programazioa, robotika, droneak fabrikatu eta gidatzea, errealitate areagotuak eskaintzen dituen interakzio modu berriak eta abar luze bat. Publikoari irekitako zonan, Opengunen, eskaintzen den formakuntza guztia doakoa da.