Droneen zirkuitua aurtengo teknologia-topaketaren berrikuntzetako bat da. 3.200 metro koadroko espazioan 10 pilotu lehiatuko dira
Droneetan adituak hastapen tailerrak eskaintzen ari dira Euskal Encounterren, baita muntaketa, araudi eta gidatze ikastaroak ere
Droneen pilotu Diego de la Fuentek dio droneak daraman kameraren irudiak ikustea ahalbidetzen duten betaurrekoei esker “txori baten moduan sentitzea” lortzen dela
Pilotu profesionalen eskaera handia badago ere, aparatu hauek gidatzeko pertsona gaituen eskasia dago. Gailu hauek erreskate eta salbamendu lanak burutu ditzakete, baita suteen kontrola eta hondamendi naturalen prebentzioa ere
Euskal Encounterrek espazio berria estreinatu du aurten: pilotuen lasterketak, profesionalen erakustaldiak eta prestakuntza-tailerrak barne hartzen dituen 3.200 metro koadroko droneen zirkuitua. Arduradunek pilotu profesionalen eskaera handia nabarmentzen dute, eta eskaera honek duen erantzun falta. Izan ere, erreskate eta salbamendu lana, suteen kontrola eta hondamendi naturalen zaintza eta prebentzioa burutu dezaketen gailu hauek gidatzeko pertsona gaituen kopurua eskasa da.
Gune berri honen antolatzaileak oso pozik daude lortutako emaitzekin. Droneen lasterketak, pilotuen izugarrizko trebetasunak eta aparatuen abiadurak erakarritako zale ugari bildu dira ekintza hauen inguruan. Droneak 200 kilometro orduko abiadura gainditu baitezakete eta zerotik ehunera azeleratu segundo eta erdian.
Pilotuak, gailuen izugarrizko abiaduraren eta zirkuitu-eremuaren ezaugarriak direla eta, droneak grabatzen dituzten irudiak ikusteko sortutako betaurreko bereziekin gidatu behar dituzte aparatuak. Pilotua den Diego de la Fuentek honela deskribatzen du lasterketaz gozatzearen sentsazioa: “txori baten moduan sentitzen zara”. Bertaratuak ere harritu egin dira lasterketen irudiak proiektatzen dituen pantailan ikusi dituzten bira, itzuli eta zigzag mugimenduekin.
Era berean, aditu eta profesionalek hastapen ikastaroak eskaini dizkiete Euskal Encounterreko parte-hartzaileei egunero, eta hegaldi simulagailu birtuala erabiltzeko aukera ere izan da. Tailerrek droneen erabilerarekin erlazionaturiko hainbat gai jorratu dituzte: gailu hauek gidatzeko dagoen araudi zorrotza eta segurtasun eskaera, besteak beste. Suteen kontrolean, segurtasunean, azpiegituren zaintzan, adimendun nekazaritzan, fumigazioan, topografian, garbiketan, erreskatean eta salbamenduan, baita beste lanbide askotan ere, dauden aukera profesionalak aztertu dira. Katdroneko pilotu profesional José Fernándezek laburtu duen moduan, “galdera da zer ezin daitekeen egin drone batekin”.
Hackathon
Aurtengo jarduera-eskaintza zabalaren barne, atzo Big Datari buruzko Hackathoiari hasiera eman zitzaion. Hackathoia burutzen den hirugarren urte honetan, partaideen erronka da Big Dataren bitartez mundua hobetuko duen proiektua sortzea, guztiz askea den proposamena aurkezteko askatasunarekin. Parte-hartzaileen artean, Hackathoiaren bidez euren proiektuari hasiera eman eta startup-a sortu nahi duten ekintzailek daude, baita gaian interesa duten eta kontaktuak egin nahi dituzten gazteak nahiz baliabide berritzaileak aurkitu nahi dituzten esperientzia handiko profesionalak ere.
2.0 startup-en fundatzaile eta Euskadin interneteko negozioen aitzindaria den José Antonio Moralek gidatu ditu hitzaldiak. Adituak azpimarratu duenez, Big Datak eragin handia du gaur egungo ia negozio guztietan; sare sozialetan bereziki.
Bigarren mintzaldian, marketin digitalean aholkulari eta web analisiko profesional Miguel Ángel Manriquek Canvasekin negozio-eredu bat nola osatu azaldu du eta enpresa baten sorreran izan duen esperientzia profesionala partekatu du entzuleekin.
Euskaltelen eta Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez) babesarekin Euskaltel Konekta fundazioak antolatutako bilkura honen hirugarren eguna da gaur, eta giro ezin hobearekin eta jarduerez josia aurreikusten da jardunaldia.