Euskal Encounterrek errealitate birtualaren guneari leku garrantzitsua eskaini dio aurten. Bisitariek teknologia honen aurrerapenekin gozatu dute ezarritako hamar bat postuetan. Horietako batzuek esperientzia erabat murgilgarria eskaintzen zuten, eta inpaktu sentsorial handia eragiteagatik harridura handia sortu dute enpresa eta marka ezberdinetako berrikuntzak probatu dituzten pertsonen artean. Izan ere, jokalariek euren trebetasuna eta gaitasun fisikoak erabili behar izan dituzte proposatutako egitekoak burutzeko.
Era berean, Euskal Encounterreko prestakuntza-eskaintzak errealitate areagotuaren inguruko hitzaldiak hartu ditu barne. Tresna honen erabilerak internetek ematen dituen aukerak izan dira hizpide, eta errealitate areagotuak web inguruneetandituen aukera zabalak ere aztertu dituzte.
Hala ere, dudarik gabe partyan ezarritako jokoak izan dira arrakastatsuenak. Demoak probatu dituztenek jolas-parke bateko adrenalina sentitu dute, baita apokalipsi-zonbi batetik bizirik irten ere, etxe-orratzen teilatu artean saltoka ibili edo espazio-ontzi batean nabigatu, besteak beste.
Paradigma aldaketa
Ikus-entzunezkoak esperimentatzeko moduan oinarritzen den, eta gero eta gehiago aldatzen ari den, sektore honetan lokomozioa da errealitate birtualaren erronka handienetakoa. Gijonetik datorren errealitate birtualeko eta teknologia emozionaleko Wuautech enpresako zuzendari Nacho Junqueraren iritziz, “errealitate birtualaz osagarririk eta aginterik gabe gozatzen da gehien”. Hori dela eta, “lokomozioa oinez” egiten da haien jokoetan, “esperientzia eta joko handien bitartez”.
Junqueraren helburua “jendea emozionatzea” da, eta “sentitzera ohituak ez gauden sentsazioak eragitea”. Erabateko murgilketa eta mugimendu sentsoreak nabarmentzen ditu euren jokoetan. Horiei esker, “birtuala eta erreala, mundu fisikoa eta digitala, nahastu daitezke”.