Arrakasta handiz gauzatu da historiako Euskal Encounter "borobilena"

Euskal Encounter 25 arrakasta handiz amaitu da gaur. Euskaltel Konekta fundazioaren arduradun eta informatika-bilkuraren koordinatzaile nagusi Sabino San Vicentek “inoiz egin den party borobilena” dela adierazi du. Datuek horrela diote, lau egunetan zehar segundoko 40 Gb-eko abiaduran nabigatu duten 8.000 kideek parte-hartze maila handia izan baitute topaketaren arlo guztietan. Publiko ugari bildu da, gainera, 50 prestakuntza-jardueren inguruan zein antolatutako lehiaketetan.


San Vicentek nabarmendu duenez, bilkura %25 hazi da azken bi urteotan, 2015ean 4.096 ordenagailu-postu baitzeuden eta aurten 5.024. Gainera, aurtengo festaren azalera iazkoa baino %30 handiagoa izan da 50.600 metro koadrorekin. “Lortutako hazkundea finkatzea” da erronka, bere hitzetan, “beti ere ekimenaren parte direnei ahal bezain zerbitzu onena eskaintzearen aldeko apustua eginez”. Urteurrenetik nabarmenduko lituzkeen jardueren artean, Opengune zona irekian egon den familien eta umeen presentzia handia aipatu du, “gaztetxoak baitira partyaren etorkizuneko parte-hartzaileak”.


Aurtengo emaitza positiboek interneten ere badute isla, streaming bitartez 50.000 pertsonek jarraitu baitituzte Euskal Encounterrek igorritako jarduerak. Guztien artean, 30 orduko iraupena izan dute emankizunek.


Parte-hartzaileek sarean mugitu dituzten datuei dagokienez, 80 milioi informazio gigara iritsi da zifra. Horren baliokidea izango litzateke 500 Gb-eko disko gogorren hiru kilometroko ilara. Euskaltel Konektak SPRIren eta Euskaltelen babesarekin antolatutako hitzorduak milaka bisitari ere izan ditu, Openguneko errealitate birtualak, bideo-jokoek, standek, hitzaldiek eta tailerrek erakarrita.


Auto elektrikoak eta droneak eraiki eta gidatzea

Aurtengo Encounterreko berritasun nagusietarikoa da auto elektrikoak sortzeko ekimena. Greenpower Iberia-Kid's Kitcar elkarteko presidente Primitivo Carranza oso pozik agertu da proiektu honek lortutako harrerarekin. Ehundik gora gaztetxo aritu dira hiru egunez euren kotxeak diseinatzen, muntatzen eta gidatzen, irakasleen eta boluntarioen aholkularitzarekin. Haurrek ezagutza ugari lantzeko aukera izan dute: zientzien eta matematiken arlokoak, artistikoak eta teknologikoak, besteak beste. Eta bisitariak proiektuak duen "heziketa-ahalmenarekin harrituta" geratu direla baieztatu du Carranzak. Jada, Greenpower elkartekoek egitasmoa euren hezkuntza-programan barneratu nahi duten lau eskolen bisita jaso dute, eta Bilboko Gazteria eta Kirol departamentuko arduradunek ere interesa adierazi diete.

Droneen lasterketak ere gauzatu dira aurten, lehen aldiz, 3.200 metro koadroko zirkuituan. Dozena bat pilotu profesionalek kanporaketa ikusgarrietan hartu dute parte, publiko ugarirekin. Hastapen ikastaroak, erakustaldiak eta prestakuntza-tailerrak ere izan dira arlo honetan.

Super-taldeen txapelketak

Software librearen alorrean ere, inoiz baino partaide gehiagok jardun dute aurrez aurrekoetan. Hacking, atzeranzko ingeniaritza, kriptografia, logika eta puzzleen inguruko ezagutza guztiak erabili behar izan dituzte norgehiagokan aritu diren 100 taldeek. Dozenaka ordu eman behar izan dituzte exijentzia handiko frogak gainditzeko. Horietako asko, gainera, segurtasun informatikoaren arloko esperientzia errealak ziren.

Barcelona 92 "super-taldeko" kide da José Díez. Aurtengo finalisten artean kokatzea lortu dute zortzi taldekideen ezagutzak bateratzeari esker. Caceres, Palentzia, Gasteiz, Madril, Andorra eta Leondik etorritako parte-hartzaileen artean web aplikazioen garatzaileak, soinu-teknikari bat, sistema-administrari bat eta programatzaile bat zeuden. Josék lehiaketetako giroa eta ikasteko aukera azpimarratu ditu; izan ere, frogak amaitu eta ondoren egindako bileretan gainerako taldeek erronkak nola gainditu dituzten ezagutzeko aukera izan da.

Jokoak eta errealitate birtualeko betarrekoak

Errealitate birtualeko esperientzia anitzak bizitzeko aukera ugari izan dira aurten, inoiz baino gehiago. Betaurrekoak jantzita, erabat murgiltzen ziren parte-hartzaileak mundu berrietan, eta bisitariak txundituta geratu dira zentzumenengan eragin indartsua duten tresna hauek ezagutzerakoan. Demoak probatu dituztenek jolas-parke bateko adrenalina sentitu dute, baita apokalipsi-zonbi batetik bizirik irten ere, etxe-orratzen teilatu artean saltoka ibili edo espazio-ontzi batean nabigatu, besteak beste.  

Ikus-entzunezkoak esperimentatzeko moduan oinarritzen den, eta gero eta gehiago aldatzen ari den, sektore honetan lokomozioa da errealitate birtualaren erronka handienetakoa. Gijonetik datorren errealitate birtualeko eta teknologia emozionaleko Wuautech enpresako zuzendari Nacho Junqueraren iritziz, “osagarririk eta aginterik gabe gozatzen da gehien errealitate birtualaz”. Hori dela eta, lokomozioa oinez  egiten da haien jokoetan, dimentsio handiko instalazioei esker. Erabateko murgilketa eta mugimendu sentsoreak nabarmentzen ditu Junquerak euren jokoetan. Horiei esker, “birtuala eta erreala, mundu fisikoa eta digitala, nahas daitezke”. 

Euskal Encounterreko beste arloetan ere parte-hartze maila altua mantendu da. Horrela, 1.000 pertsona baino gehiago elkartu dira antolatutako 20tik gora lehiaketetan. Sormen digitaleko txapelketetan, berriz, 100 artistek hartu dute parte argazkilaritza, musika sormen, ilustrazio, 3D diseinu edo bideo alorretako ekimenetan.

Edumotion enpresako Javier Miguel Garay izan da Euskal Encounter honetako protagonistetako bat. Bera arduratu da bilkura teknologikoko jardueren laburpen grafikoa egiteaz, ilustrazio handi bat sortuz. Orain arte landu duen "azalera handienetarikoa" izan da beretzat (6 metro koadro), eta halere txiki geratu zaiola onartu du. Sei ordu eta erdi eman ditu lanean "Euskal Encounterren benetako DNAa ikusi, entzun eta sentituz".

Antolatzailea

Euskaltel Konekta

Kudeatzailea:

Euskalamiga Elkartea

Ahotsa:

943-533696 (9:00-13:30 y 15:30-19:30 CET, astelehenetik ostegunera y 9:00-13:30 ostiraletan)

Faxa:

943-533697

IRC auzo ofizialak:

IRC-Hispano
#euskal
QuakeNet
#euskal

Edozein galdererako:

olatz@euskalencounter.org

Prentsa arduraduna:

Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 609 12 16 66
E-mail: press@euskalencounter.org

 

Lokalizazioa

twitter facebook flickr youtube instagram twitch